Mostrando entradas con la etiqueta Haur Hezkuntza. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Haur Hezkuntza. Mostrar todas las entradas

10 abr 2012

Agurne

Etorkizunean irakasle izateko praktikak egiten ari naiz asteotan. Practicum II hau, lehenengoa baino luzeagoa eta ezberdina da, guztiz. Irakasle taldea osatzen duten pertsonekin zein eskolako familia osatzen dutenekin ere harreman estuagoa izatea lortuz. Egia esan, horretan ere jardun dut, lan handia egiten harreman horiek bilatzeko eta bi aldeetatik (irakasleak-ni) giro atsegina sortzeko.

Eta hori baldin bada garrantzitsuenetarikoa, ez dut horretan gaur larregi sakonduko. Izan ere, Agurne da gaur mintzagaia. Eta ez, bera ez da nire praktiketako tutorea, bera lehenengo solairuan (2 urte) eta ni bigarrenean (4 urte) bainago. Agurne nire bi lehengusuen (Aimar eta Aritz) andereñoa da. 18 ume ditu ardurapean eta neska gaztea den arren, oso ongi moldatzen da beraiekin.

Ez nuen lehendik ezagutzen, baina bere klasera bisitan joan nintzenean, harrera bikaina egin zidan, eta nahi dudanerako gonbidapena helarazi zidan. Lehengusuei buruz egin zidan berba ere. Bata oso jatorra dela, eredu gisa erabiltzen duela gainerako umeek imitatu dezaten. Bestea hagitz adimentsua dela, eta nik bere hitzak berresten ditut. Aimarren eta Aritzen gurasoak ere Agurnerekin liluratuta daude. Neska apatz eta apal gisa definitzen dute, eta seguru nago berak hau jakingo balu, garrantzia kenduko liekela adjektiboei. Baina ez egiozue kasurik egin... ;)

23 feb 2012

Pingui pinguino

Otsailaren 25ean eskolan Inauteriak ospatu genituen jolastokira hurbildu ziren guraso eta senideekin. Haur Hezkuntza osoa Pinguino mozorroa jantzi genuen eta "Takolo, Pirritx eta Porrotx" pailazoen "Pingui pinguino" abestia interpretatu genuen batera. Gure txikitxuek oso ondo egin zuten gelan aurreko asteetan ensaiatutako koreografia. Zorionak guztiontzat baita andereñoentzat ere!

* Bideoarenak ez dira nire gelako umeak, baina dantza antzekoa izan zen.

22 feb 2012

Anglosaxoitzen



Irudi honen egilea http://www.fidelmendia.net/ da.
Bisitatu ezazue bere orria, argazki interesgarri eta onak ditu.


Praktikak egiten ari naiz eskola batean, 4 urteko haurren gela batean. Hilabete honetan lantzea dagokien unitate didaktikoa Inauterien ingurukoa da, eta gaiari hasiera emateko aurrezagutzetara jo du andereñoak, umeei horma-irudi bat erakusten dien bitartean.

"Zer ikusten duzue posterrean?", "Non dago Txirritx kilkerra?", "Zer jantzi mota darama erratza eskuan duen andrak?", "Eta hauek (zanpantzarrak), nortzuk dira?". Ondoren, haurrek ere ekarpenak egiten dituzte, euren mozorroak zeintzuk diren aipatzen eta zenbait kasutan deskribatzen.

Baina... "Zer festa ospatzen ari dira?" andereñoak galdetzean, batek "Halloween" erantzun, eta izutu egin ninduen egoerak. Globalizazioaren eragina izango ote da ume inuzenteak esandakoa... edo gero eta anglosaxoituagoak al gaude? Horrela jarraituz gero, Mielotxin, Ziripot, Sorgina eta bestelako pertsonaien euskal tradizioa galduz joango zaigu. Eta zuk, zer diñozu?

21 feb 2012

Natibo digitalak. Zoragarria!


Lana dela eta, duela 2 hilabete inguru hitzaldi-ikastaro interesgarri batera joan nintzen, kide batek gomendatuta. Probetxugarria izateaz gain, asko harritu ninduen bideo bat erakutsi zigun hizlariak.
"Gaur hemen bildutakoak papera eta arkatzarekin moldatu izan gara haurtzaroan; gaur egungo umeak ordea, natibo digitalak dira" eta erdaraz esaten den moduan para muestra un botón (ikusi bideoa).

Harrituta geratu nintzen, batetik zoragarria iruditu zitzaidalako urtebete inguruko haurrak teknologia berriekin eta konkretuki smartscreenekin zein neurriraino dauden trebatuta ikusita; eta bestetik, betidanik ezagutu dugun paperezko aldizkari batekin saiatzen denean ez delako gai formatu "analogikora" moldatzeko.

Zein da gure etorkizuna teknologia berriekin?
Ahaztuko da datorkigun belaunaldia orriak pasatzen eta dinamikoak ez diren irudiak ulertzen?
Horra hor nire galderak, norbaitek erantzunik badu...

I. Kapitulua: Haur Hezkuntza

Urtarrileko astelehen batean jaio nintzen. Bi urte eta erdirekin joan nintzen lehenengoz ikastolara eta bertan egon nintzen bost urte bete arte. Garai hartako oroitzapen onak ditut eta letrak ezagutzen hasteko metodologia gogoratzen dut, zatika: Pipo txakurra, Lali eta Loli... Andereñoak hainbeste denbora pasatu ez balitz bezala ditut gogoan: Gloria, Susana, Araceli, Amara, Mª Jesús, Marian eta Marife. Birekin gainera oraindik mantentzen dut harremana, halabearrez. Goraintziak beraientzat!

Ikastolako garaia, Aracelirekin 80ko hamarkadaren bukaeran. Olentzeroaren ondoan ni.