28 feb 2012

Troll-ak detektatu eta kudeatu

Trollak guri buruz zerbait negatiboa edo ez oso onuragarria esaten duten pertsonak edo taldeak dira. Zenbait kasutan euren asmoa ez da txarra izaten, beste batzuetan bai. Horregatik, komentario horien atzean dagoen jendearen tipifikazioa egitea lagungarria da, beraien intentzioak detektatu ahal izateko.

Aurkezpen honetan erakusten dena enpresa pribatu bati baita erakunde publiko zein elkarte edo norberari aplikagarria da. Kontuan hartu beharrekoak oso ondo definituta eta azalduta daude eta gaur egungo gizarte sareen norabidebikotasuna errazteko baliagarriak dira oso. Trollekin pazientzia handia, lagunak!

iPadean erabiltzeko gadgetak

Nire emaileko sarrera ontzira astero iristen dira punta-puntako teknologia saldu nahi dutenen eskaintzak. Nik dakidanez ez nago Newsletter horietara harpidetuta baina batek daki, askotan interneten zerbait erabili ahal izateko ia-ia oinetakoen zenbakia edo odol Rh-a eskatzen dutenez, agian noizbait baimena eman dut nirera erosketak egiteko aldizkaritxo birtual horiek heltzeko.

Kontua da atzo bertan ailegatu zitzaidala umeei zuzenduta dagoen iPaderako gadget edo osagarri berezi bat. Itxuraz, orri arrunt batean marraztu edo margotu beharrean, iPadeko pantaila digitalaren gainean pintatuko lukete haurrek, "eta horrela -esango dute gadget-zale amorratuenek- zuhaitz gehiago ez mozten lagunduko da". (Ni ez nago horrekin guztiz ados)

Zorionez ikastoletan oraindik ere paperetako koloretako marrazkiak ezagutzen dituzte gure txikiek.
Teknologia berrietan murgildu bai baina mesedez, salbamendu-jaka erabil ezazue, badaezpada!

Hau da saldu nahi den gadgetaren adibide bat.
"Ver selección"-en sakatuz gero eskaintza handiagotzen da.


24 feb 2012

Zinema eta hezkuntza

Aisialdiari lotutako hezkuntzarekin abiatzen naiz gaur. Batxilergoa egiten genbiltzanean bi alditan institutuarekin zinemara joan ginela gogoratzen dut, behin "Bailame el agua" eta beste behin "El Bola" ikustera. Badakit orain, filme horiek Irudi biziak izeneko programaren barruan kokatu zirela.

Irudi biziak Elkarteak zinema tresna eta pizgarri gisa erabilita, droga-menderakotasunen prebentziorako eta baloreetan hezteko sortu zen duela 27 urte.

Honen antzeko ekimena dugu Eula. Aurretik aipatu duguna baino gazteagoa da; izan ere, 2010ean sortu zuen Proyecta Fundazioak. Erakundeak bere proiektuaren izaera eta helburuak oso ongi azaltzen ditu hemen (gaztelaniaz): kulturaren eskuragarritasuna, ulermen kritikoa, irudimena, kontzientziazioa, aniztasunari arreta, erantzunkizun soziala eta oinordetza kulturala batik bat.

Plataforma digitala soilik izan arren (ez dago eskolaz eskola joateko pentsatuta, ez dauka giza baliabiderik) asko eta modu anitzez ikasteko antolatuta dago. Jolasak, ariketak, hezitzaileentzako eta gurasoentzako materiala eta baliabideak... Umeek eta gazteek era ludikoan euren ezagupenak zabaltzen dituzte.

Erakargarritasuna eta dinamismoa dira bere punturik indartsuenak, oraingo pelikulen bitarteko ikaskuntza sustatuz. La invención de Hugo (2012), Arthur Christmas (2011), Happy Feet 2 (2011), El gato con botas (2011) edo Kung Fu Panda 2 (2011) dira honen eredu argiak.

23 feb 2012

Pingui pinguino

Otsailaren 25ean eskolan Inauteriak ospatu genituen jolastokira hurbildu ziren guraso eta senideekin. Haur Hezkuntza osoa Pinguino mozorroa jantzi genuen eta "Takolo, Pirritx eta Porrotx" pailazoen "Pingui pinguino" abestia interpretatu genuen batera. Gure txikitxuek oso ondo egin zuten gelan aurreko asteetan ensaiatutako koreografia. Zorionak guztiontzat baita andereñoentzat ere!

* Bideoarenak ez dira nire gelako umeak, baina dantza antzekoa izan zen.

22 feb 2012

Anglosaxoitzen



Irudi honen egilea http://www.fidelmendia.net/ da.
Bisitatu ezazue bere orria, argazki interesgarri eta onak ditu.


Praktikak egiten ari naiz eskola batean, 4 urteko haurren gela batean. Hilabete honetan lantzea dagokien unitate didaktikoa Inauterien ingurukoa da, eta gaiari hasiera emateko aurrezagutzetara jo du andereñoak, umeei horma-irudi bat erakusten dien bitartean.

"Zer ikusten duzue posterrean?", "Non dago Txirritx kilkerra?", "Zer jantzi mota darama erratza eskuan duen andrak?", "Eta hauek (zanpantzarrak), nortzuk dira?". Ondoren, haurrek ere ekarpenak egiten dituzte, euren mozorroak zeintzuk diren aipatzen eta zenbait kasutan deskribatzen.

Baina... "Zer festa ospatzen ari dira?" andereñoak galdetzean, batek "Halloween" erantzun, eta izutu egin ninduen egoerak. Globalizazioaren eragina izango ote da ume inuzenteak esandakoa... edo gero eta anglosaxoituagoak al gaude? Horrela jarraituz gero, Mielotxin, Ziripot, Sorgina eta bestelako pertsonaien euskal tradizioa galduz joango zaigu. Eta zuk, zer diñozu?

21 feb 2012

Natibo digitalak. Zoragarria!


Lana dela eta, duela 2 hilabete inguru hitzaldi-ikastaro interesgarri batera joan nintzen, kide batek gomendatuta. Probetxugarria izateaz gain, asko harritu ninduen bideo bat erakutsi zigun hizlariak.
"Gaur hemen bildutakoak papera eta arkatzarekin moldatu izan gara haurtzaroan; gaur egungo umeak ordea, natibo digitalak dira" eta erdaraz esaten den moduan para muestra un botón (ikusi bideoa).

Harrituta geratu nintzen, batetik zoragarria iruditu zitzaidalako urtebete inguruko haurrak teknologia berriekin eta konkretuki smartscreenekin zein neurriraino dauden trebatuta ikusita; eta bestetik, betidanik ezagutu dugun paperezko aldizkari batekin saiatzen denean ez delako gai formatu "analogikora" moldatzeko.

Zein da gure etorkizuna teknologia berriekin?
Ahaztuko da datorkigun belaunaldia orriak pasatzen eta dinamikoak ez diren irudiak ulertzen?
Horra hor nire galderak, norbaitek erantzunik badu...

I. Kapitulua: Haur Hezkuntza

Urtarrileko astelehen batean jaio nintzen. Bi urte eta erdirekin joan nintzen lehenengoz ikastolara eta bertan egon nintzen bost urte bete arte. Garai hartako oroitzapen onak ditut eta letrak ezagutzen hasteko metodologia gogoratzen dut, zatika: Pipo txakurra, Lali eta Loli... Andereñoak hainbeste denbora pasatu ez balitz bezala ditut gogoan: Gloria, Susana, Araceli, Amara, Mª Jesús, Marian eta Marife. Birekin gainera oraindik mantentzen dut harremana, halabearrez. Goraintziak beraientzat!

Ikastolako garaia, Aracelirekin 80ko hamarkadaren bukaeran. Olentzeroaren ondoan ni.
 

15 feb 2012

Hitzaurrea... lehenengo pintzeladak

Gaur nire lehenbiziko eguna da blogean. Eredu grafikoa eta koloreak dagoeneko aukeratuta idazteari ekiten diot orain. Baina aurrera pausoak eman baino lehen, zenbait gauza azaldu nahiko nituzke, eta zeregin horri "sarrera" pare bat eskainiko dizkiot.

Honetan, blogaren izenari buruz arituko naiz: Pintzela dok, jatorriz pintzeladak eta ondoren pintzela dok, adieraziz (z/g)ure eskuetan dauka(g/z)ula nahi du(g/z)una adieraziko tresna ez ohikoa eta aparta. Zergatik aukeraketa hori?


Pintzela: Aita artista nuen. "Joska" ezizena erabiltzen zuen lanak zinatzeko. Artean ezagutzen zituen diziplina guztiak ukitzea gustatzen zitzaion: ikus-artean marrazketa, komikigintza, zinematografia, diseinua, eskultura, argazkigintza, eskultura eta batez ere pintura egin zuen... arte-eszenikoan antzerkiari denbora asko dedikatu zion gaztetan... musika-artean nik dakidanez ez zuen obra handirik egin, baina belarri oso ona zeukan konposiziorako, armonikan, pianoan... literatura-artean eskualdeko zenbait ipuin bildumen ilustratzailea izan zen, ni txikia nintzenean fabula bat asmatu, irudikatu eta koadernatu zidan (uda aldera hemen islatzen saiatuko naiz) eta azken urteotan liburu bat idatzi zuen. Bizitza bete-betea, aspertzerik ez.

Artearekiko grina heredatu dut. Eta gaur gainera, hitzaurrea den honetan, omenaldia egin nahi diot aitari... bai, zergatik ez?